|
URTZ
"Azken Eguna Zuzenean"
Horri txuriaren aurrean
jartzen naizen bigarren aldia. Lehenbiziko ahalegina onezkero
hor ibiliko da ordenagailu honen barruko autobide chip-ietan
gora eta behera, noraezean. Neure garunetako ideiak dabiltzan
bezalaxe. Kostatutako despedida da hau. Ondo kostatutakoa.
Gainera neuk eskeini nuen neure burua lan honetarako –orainartean
inoiz egin izan ez dudana- bainan, talde honi idatzi eta
eztarri urratualdi bat baino gehigo eskeini dizkiot azken urte
hauetan, eta barruan sentitzen nuen agur honetan ere nola edo
hala parte hartu beharra. Ederki damutu naiz. Uste baino
zailagoa egiten ari bait zait hain gertuko norbait agURTZea.
Bart ikusi dut disko –bikoitz-
honetan datorren DVDa. Kolpean. Segidan, beste ezertarako
segundurik ere hartu gabe. Eta taldearen kantuen
errepasoarekin batera berriz bizitu dut laukote pasaitarraren
ibilbidea. Lehen maketa hura. GOR disketxearekin estreinako
kontratua. Lehen disko arrakastatsua. Bigarrena. Askoz osoagoa
gainera Kaixo, Bizitzarekin Dantzan, Iragan Hil Baino Lehen...,
abestiekin. Hiru eta laugarrena ere bide beretik, beti goraka.
Bost. Partaide aldaketa. Disketxe aldaketa. Sei. Eta orain...
Zazpigarrenean atsedena hartzeko unea.
Batez ere kantuak egin
dituen talde bat izan da Urtz. Abestiak daude soinu hauen
atzean. Sentimendu asko agerian uzten dituzten abestiak. Eta
orain bata bestearen segidan entzunda konturatzen da bat –berriz
ere-, azken hamarkadako soinu bandan ezinbestekoa dela Urtz.
Bestelako adjetiborik behar ez duten zenbat ABESTI.
Nire gusturako taldearen –ahaleginik haundiena izateaz gain-
lanik haundiena da hau. Dauden kantu guztiak dira ezinbesteko,
lekurik izan bazen, beste batzuk kabituko baziren ere. Bainan
hanka sartzeko beldurrik gabe esan dezaket daudenak inoiz
baino hobeto daudela.
Tamaina honetako apustu bat
-azken kontzertutik zuzeneko disko eta DVD bat ateratzea ez
bait da txantxa- irabaztea “tokatu” zaio laukote gipuzkoarrari,
eta orain horren saria denok gozatu dezakegu. Gozatu bai,
bainan horrelako lagun talde baten despedida gutunak uzten
duen zapore gazi-geza hau barrutik nola kendu asmatu ezinik...
Joseina Etxeberria.
|